XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bestalde, buruak buelta eta errebuelta ematen zion: Ez dakit, honenbeste diru... ondo nago baina... zer gauza sentitzen den... gaizki bezala ere banago-ta... nondik joko orain?... ez diot dena Katalina Sudurovari emango, aprobetxatuko bait litzateke... egunero bost kopek janaritan gastatuz gero... baina... bueno... nahiz eta... tira, tira....

Baina haren pentsamendu guztien haria segitu gabe, esan dezagun azkenik gau hartan egundainoko mozkorra harrapatu zuela, eta biharramunean ez errublorik ez jeikitzeko ahalmenik ez zeukala.

Handik hilabetetsu barru, goseak amorratzen zerbait eroriko ote zen beti bezala, atera egin zen Ivan Gosevitx bere gela ziztrinetik.

Zorionak egun hartan lagun on bat ezarri zion bere bidean; lagunak gonbidatu zuen: - Etorri bazkaltzera.

Ivan Gosevitxen begiak ilusioz argitu ziren.

Joan ziren lagun haren etxera.

Amak platerkada bat aza zopa ipini zion sudurraren azpian.

Ivan Gosevitxek lasterregi hasi nahi izan zuen, eta mingaina erre egin zuen.

Hozteko zai, gur-gur egiten zion sabelak erremediorik gabe.

- Zer, goseak? - galdetzen zioten etxekoek begi-onez.

Eta Ivan Gosevitxek atseginezko irribarrea egiten zien.

Lehenengo platerari bigarrena segitu zion, bigarrenari hirugarrena, hirugarrenari laugarrena eta horrela badakit nik zenbat.

Azkenik, urdailaren ahoa ere estalia zeukan salda beroz, eta ongi sentitu zen...

Ikusi behar zenuten zein aurpegi gozo lotaria jarri zuen...